XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ezeizabarrenak (1994) Mikel eta Jurgi 25.Jurgi haurra HEGEHJ taldeak bideograbaturiko beste haur bat da. haurren aditz-multzoaren araketa burutzean zera ikusi du: Jurgi haurrak lehenago darabiltzala menderagailuak aditz mugatuei erantsitako aspektu-markak baino, eta Mikel haurrak, guk esan dugun legez, aspektu-markak darabiltzala menderagailuak baino goizago.

Bestalde, berak eta guk Mikel haurraren azterketari buruz emaniko datak beraiek dira.

Guk geuk, azpimarragarri deritzogu lau haurretariko hiruk aspektu-markak menderagailuak baino lehenago erabiltzeari.

Aspektu burutuaren markak, hasiera baten, beraz, aditz-lexemaren balio hutsa duela dirudi.

Hortaz, aldi horretan, beraren erabilera lexikoaren arlokoa dela baiezta dezakegula uste dugu.

4.6. Aditzaren pertsona-, denbora- eta modu-markak

Azpi-atal honetan, arakatu gura dugun fenomenoaren konplexutasuna ikusirik, datuen erakusketa beste era baten antolatuko dugu.

Pertsona(k), denbora eta modua adierazten dituzten adizki laguntzaile eta trinkoen agerrera urratsez urrats aurkeztuko dugu.

Lehen urrats baten, haurrek orainaldiko singularreko hirugarren pertsonari dagozkion adizki trinkoak baino ez darabiltzate (egon eta jakin aditzekoak, batez ere).

Hona hemen zenbait adibide:

(23) han da(g)o(z) (M. 1;07;14); (nik) no tati(dakit) (M. 1;07;14); e(z) da(g)o (M. 1;07;27); (nik) en (ez) daki(t) (P. 1;11;29); e(z) da(g)o (P. 1;11;29)

Sasoi goiztiar honetan Oitz haurrak bideograbaketetan zehar halako ekoizpenik gauzatu ez arren, bere gurasoek bildu duten egunerokoan halako formak ere aurki ditzakegu.

Adizki hauetan argi ikus dezakegu pertsona-komunztadurarik ez dutela adierazten, singularreko hirugarren pertsonari dagozkion adizki hauek pluraleko hirugarren pertsonarekin zein singularreko lehen pertsonarekin baitarabiltzate.

Meisel-ek (1994) jabekuntzaren garapenaren hasierako adizkiek pertsona-komunztadurarik adierazten dutenentz erabakitzeko baldintza batzuk aurkezten ditu.

Komunztadura-markak emankor erabiltzeaz gain gramatika-pertsona ezberdinei dagozkien markak egoki erabiltzea lirateke oinarrizkoenak.

Euskaraz singularreko hirugarren gramatika-pertsonari dagozkion adizkiek ez dutela marka berezirik kontutan izanik, iragankorrak behinik behin, badirudi lehen edo bigarren gramatika-pertsonei dagozkien markak ikusi arte ezingo dugula komunztadura-ezaugarria baieztatu.

Bestalde, Meisel-en (1994) alemanaren jabekuntzaren garapeneko datuetan ikus dezakegun bezala, euskarazkoetan ere, singularreko hirugarren gramatika-pertsonari dagozkion adizkiak dira haurrek erabiltzen dituzten lehenak.

Hasierako forma hauek, antza denez, hizkuntza bietako jabekuntza-garapenetan komunztaduragabeak dira.